XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Jose hartan oharturik ixtanpatez hari begira egon zen bere baitan pentsatuz: - Nor ote da atso lodi hori? Orduan berean emaztekiak burua itzuli zuen eta Jose aho zabalik gelditu zen: - Mayi! - Erran zuen beren baitan.

Mayi bere begien aurrean. Jose-ren bihotzak yauzi bat eginik arridurak eraginda eta bere aurpegia gorrituta, holaxe gelditu zen gure artzain zintzoa.

Jose yendearen artean ezkutaturik Mayiri begirada zorrotzakin goiti beiti aztertuz eta begirik kendu gabe azterketa sakon bat eginik.

Ixilpean hainbertze maite zuena han urbil bere aintzinean.

Mayi etzen konturatzen bere inguruan inor bazenik ere, bere ondoan senarra eta besoetan haur bat, beste hiruak bere inguruan zauzkalarik.

Bederatzi urte ikusi etzuela eta oraindik ere noiz nahi bere ezin kenduzko pentsaketetan, beti Mayi bere gogoan.

Eta orai bat batean eta usteketan hantxe bere aintzinean.

Baina zer aldakuntza bederatzi urte hoketan! Lehenagoko neska lerden eta polit hura, hainbertze loditua eta bai itsustua.

Zer ametsondo, zer etsipen! Harenganako gutizia bat batean suntsitu zitzaion, etzion gehiago lorik kenduko.

Orai Jose neska gazteak ditu bere gogoan eta dibersio bila dator, kezkak eta arrixkuak ahantzirik.

Mayik ikusi gabe alde egin zuen eta lagun batzuetara urbildurik ostatuan sartu zen.

Beti badira etsaiak eta beti maltzurkerian dabiltzenak.

Dudarik gabe Josek ere badauzka eta norbaitek poliz-gizoneri salatu ere.

Plaza bazter batetik lau gizon yendearen zain eta Jose atxilotu nahirik.

Etzuten ezagutzen, baina salatariak mutillaren xehetasunak emanik, poliziek bazakiten atorra gorrixta batekin zegola eta oinetakoak ere bertzetaik desberdin.